XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezpeletan (Lapurdin) kontatzen duten leienda batek dioenez, Atarrabi eta anaia gazteago bat, beste ikasle batzuekin batera, Txerren edo Etsairen haitzulora joan ziren ikasketak egitera.

Ikasketak bukatu zituztenean Txerrenek, irakasketen truke, ikasle bat betirako berarekin geratu beharko zuela esan zuen.

Txotx egin zuten eta Atarrabiren anaia gazteari suertatu zitzaion.

Bere anaia hain larri eta triste ikusi zuenean, Atarrabik bere burua eskaini zuen anaiaren ordez eta etsaiak onartu egin zuen.

Txerrenek bere soto handi hartako irina bahe batetik pasatzeko agindu zion, baina ezinezko lana zen hura, irina eta zahia biak batera joaten bait ziren bahearen saretik.

Etsaiak behin eta berriro galdetzen zuen: - Atarrabi, non haiz? Eta honek erantzuten zuen: - Hemen nago!.

Atarrabik leku hartan gehiago ez irautea erabaki zuen eta baheari hemen nago esaten irakatsi zion.

Horrela, Txerrenek betiko galdera hura egiten zuenean, baheak erantzun zezakeen.

Etsaia zabartua zegoen momentu bat aprobetxatuz, Atarrabi haitzuloaren sarrerara abiatu zen atzeraka, zulo magiko batetik ateratzeko era bakarra hori bait da, ez ahaztu!.

Hanka bat haitzulotik kanpora atera orduko Txerrenek ikusi egin zuen eta berarengana joan zen irteera eragozteko asmoz, baina beranduegi zen...!.

Atarrabi haitzulotik kanpo zegoen eta etsaiaren ahalmenetatik kanpo... bere itzala, ordea, barruan zegoen artean, eta etsaiak harrapatu egin zuen.

Urteak joan ziren eta Atarrabi apaiz egin zen.

Itzalik gabe jarraitzen zuen eta hau, meza-garaian bakarrik agertzen zitzaion, konsagrazio unean, hain zuzen.

Urteetan aurrera zihoan eta egun batean ala bestean hil behar zuela eta, Atarrabik sakristauari deitu zion: - Hik ondo dakik konsagrazio unean bakarrik izaten dudala itzala eta, nola edo hala, une hartantxe hil behar diat... bihar meza-garaian, itzala nire alboan ikusten duanean, hil egin behar nauk.

Sakristauak hitzeman zion baina momentua iritsi zenean barruak ez zion lagundu.